Maiatzaren 15ean Madrilen piztu eta bost hilabetez gizentzen joan den haserre oldeak mundu osorako jauzia egin du, krisia dela-eta estatuek eta finantza erakundeek hartu dituzten erabakiek —edo hartu gabekoek— hauspotuta. Hasieran, egoera ekonomikoak klase politikoa gizarte eredua birpentsatzera eta krisiaren arrazoiak aztertzera eramango zuen itxaropena izan bazen ere, egunerokoak erakutsi du apenas egon dela aldaketarik sistema ekonomikoaren oinarrietan. Bost hilabeteotan, hala ere, aldaketaren beharra sentitu, sentitu da, batik bat kalean. Atzo munduko 900dik gora hiritan eginiko protestek hori irudikatu zuten, hain zuzen ere: gaur egungo sistema, bidegabea izateaz gain, etorkizunean bideraezina ere izango dela.
Euskal Herrian ere aldaketa garaia sumatzen da, eta gatazkaren amaieraz hitz egiteko bihar egingo den konferentziak beste urrats bat izan beharko luke bide horretan. Gatazken konponbidean parte garrantzitsua izan diren nazioarteko hainbat pertsona ezagunen presentzia bera beste urrats bat da bidean.
Hizpideak
Aldaketa garaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu