mikel p ansa
HIZPIDEAK

Aitortza

2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Biktima hitza gatazka politikoari lotu izan zaio ia erabat, duela gutxi arte, baina era askotako biktimak geratu dira bide bazterrean. Eta zokorik zokoenetako batean, apaiz eta mojen sexu abusuak jasandako umeak. Beren burua ahal zuten bezala berreraiki behar izan dute, apenas laguntzarik gabe. Baina Elizak garai batean zuen botere erabatekoa laurdenkatu egin da bi belaunalditan, eta abusuak jasandako beste pertsona batzuk plazara atera izanak hauspotuta hasi dira dozenaka kasu gehiago ateratzen. Epaitegietara eta komisarietara iritsi dira salaketa horietako batzuk, eta bertan ito. Aspaldi esana da egungo legeak ez daudela behar bezala pentsatuta halako auziak epaitzeko; ikusi denez, ume traumatizatuek bizialdi bat ia osoa behar izaten dutelako halakoak jendaurrean salatzera ausartzeko; halako salaketek, gertatzen direnean, umeak biktima bihurtzen dituztelako ere bai. Gabezia handi bat du gizarteak arlo horretan, eta horregatik, bere xumean, Nafarroako Parlamentuak atzo onartutako legeak badu garrantzia. Hemen inguruko erakunde publiko batek lehen aldiz aitortu dituelako biktima horiek. Eta aitortza publiko hori da, sarri askotan, zauriak ixten hasteko ezinbesteko osagaietako bat. Eta horrekin batera, abusu horien egia osatzeko prozedura bat ere zehaztu dute. Legeak ez du ondorio juridikorik izango, baina urte gehiegiz zokoratuta edukitako biktima batzuen bizitzak duintzen hasteko balioko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.