jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Ahanzturaren lurpean

2015eko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Angel Antuñanoren senideek atzo jaso zituzten haren hezurrak, hunkituta, Gaubean (Araba), fusilatu eta ia 80 urtera. 1936ko irailaren 7an fusilatu zuten erreketeek eta falangistek, Bovedan (Araba). Antuñanorekin batera, beste bi lagun sartu zituzten kamioian, urkamendirantz, La Horcako gainera: Lopez abizeneko bat eta Secundino Angulo. Sozialistak izatea zuten delitua. Angulok ihes egitea lortu zuen. Aurrena Santanderko (Espainia) senide batzuen etxera joan zen, mendiz mendi, hiru egunean; gero etxera bueltatu zen, berriro ere mendiz mendi, ezkutuan bizitzera. Aitak gordeleku bat prestatu zion lastategian eta hamar hilabete egin zituen ezkutatuta. Batzuetan gaixo ere bai, medikuarengana joan ezinik. Aitak egiten zituen gaixo plantak, semearentzako botikak lortzeko.

Satorrak deitu izan diete Anguloren moduan frankisten errepresioaren beldurrez ezkutuan asteak, hilabeteak eta urteak pasatu zituztenei.

Abel Azkona artistak Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko 30 kide sinbolikoki lurperatu egin zituen herenegun, Iruñeko Erorien monumentuaren aurrean, haiek lurrean etzanaraziz eta gorputzen gainera lurra botata.

Satorrak deitzen diete frankismoaren errepresioaren beldurrez ezkutatu zirenei. Satorrak dei dakieke frankismo garaiko biktimei eta senideei ere. Ez dira ezkutuan bizi, baina bai ahanzturaren, gezurraren, injustiziaren eta erreparazio faltaren lurpean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.