Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ETAk hildako Martuteneko espetxeko hiru funtzionarioren omenaldi ekitaldian parte hartzen zuen bitartean, Guardia Zibilek lau lagun atxilotuta zeuzkaten Luzia Urigoitia omentzeagatik. Luzia Urigoitia ETAko kidea zen. Guardia zibilek hil zuten, 1987an, tiroz, etxean, sarekada batean. Autopsiaren arabera, lepoaren ondo-ondotik egin zioten tiro. Erredura markak zeuzkan. Bertsio ofizialak esan zuen tiroketa batean hil zela. Guardia zibilei frogak manipulatzea leporatu zieten, eta epailearen etxera ere sartu ziren, frogak aldatzeko. Bertsio ofiziala eta frogak bat etortzeko. Adierazgarria da epaileak frogak etxean gorde behar izatea. Kasua ez zen behar bezala ikertu. Ikertzen saiatu zirenei oztopoak baino ez zizkieten jarri. Inpunitate garaiak ziren, orduan ere. Espainiako gobernuek —bai PSOEk, bai PPk— frogak ukatu zizkieten epaileei. Askatasunaren eta demokraziaren eredutzat aurkeztu izan dituzten politikariek bertsio ofiziala babestu zuten orduan, eta baita geroago ere.
Fernandez Diazek Martutenen herritarren eta erakundeen «betebeharra» ETAren biktimen «oroitzapena betikotzea» dela esaten zuen bitartean, Guardia Zibilak kontakizunari orriak kentzen jarraitzen zuen. Eta Urigoitiaren kasua argitu gabe dago oraindik. Kontakizuna inposatu nahi dute, batzuen memoria eta besteen ahanztura betikotuta.
HIZPIDEAK
Ahanztura betikotzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu