Biniam Girmay txirrindulari eritrearrak Italiako Giroa utzi zuen atzo. Herenegun, loria eta ezbeharra ia batera ezagutu zituen, etapa irabazi ondoren saria jasotzen ari zela, xanpain botila irekitzean kortxoak begian jo eta min hartu baitzuen.
Arreta berezia izan du Girmayren garaipenak haren azalaren koloreagatik eta jatorrizko kontinentearengatik. Herenegun arte, txirrindularitzako hiru itzuli handietan etapak irabaztea lortu zuten sei gizon-emakume afrikarrak europarren ondorengo zuriak ziren. Afrikak 1.400 milioi biztanle inguru ditu, eta europar jatorriko zuriak %1a ere ez lirateke; hortaz, atentzioa emateko moduko datua da horrelako masa kirol batean zazpi garaileetatik bakarra izatea beltza.
Txirrindularitza Europa mendebaldeko kirola izan da historikoki. Hor egon dira beti lasterketarik inportanteenak, eta horkoa ez den txirrindulariak Europa mendebaldera joan behar izan du ibilbide profesionala egiteko. 1980ko hamarkadan hasi zen mundura zabaltzen, baina Girmayk garaipenaren ondoren jaso duen aitortza handiak —bai aurkarien aitortza, helmugan bertan, bai bertze ziklista eta zale anitzena, sare sozialetan eta hedabideetan— erakusten du txirrindularitza profesionalak hutsune handi bat izan duela oraintsu arte futbolaren, atletismoaren eta saskibaloiaren aldean: Afrika beltza.
HIZPIDEAK
Afrikaren hutsunea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu