martxelo otamendi
HIZPIDEAK

AEBak eta Txina, antzezleak

2023ko ekainaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez da sekula bukatzen AEBen eta Txinaren arteko antzerki diplomatikoa. Azken hamarkadotan bien arteko ustezko krisi asko ezagutu ditugu, inoiz arazo larririk ekarri ez dutenak. Are gutxiago, Txina mendebaldeko lantegia bihurtu zenetik; bai baitakite Washingtonen lantegiak ekoizteari utziko balio hornikuntza arazo larria eduki luketela AEBek eta ia mundu osoak. Ez litzateke txikiago izango kaltea Txinarentzat, haien diru sarreren zatirik handiena lantegiak ekoizten duenaren salmentatik ateratzen baitu.

Horregatik ez diote sekula koska egiten elkarri. Haserre dauden imintzioak bai, baina koska egitera iritsi gabe. Elkar behar dute: AEBek Txinako lantegia, Txinak AEBen dirua ekonomian egiturazko aldaketak egiteko.

Pekinen hartu zuen atzo Txinako presidente Xi Jinpingek AEBetako Estatu idazkaria, Antony Blinken. Amerikarrak egin duen bi eguneko bisitaren ekitaldi nagusia izan da, eta aurreko ustezko krisiak konponbidean jartzeko egindako bileren ondoren ohikoak bihurtu diren borondate oneko adierazpenak egin zituzten bi agintariek.

Bada bien arteko harremanak hobeto ulertzeko ahaztea komeni ez den puntu bat. Txina da AEBetako kanpo zorraren %17ren eroslea, alegia, kanpoko erosle nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.