Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, haren gobernuko kideek eta ordezkari militarrek Gazaren kontrako gerra hasi zutenetik etengabe erran dute Hamas deuseztatuko dutela, eta Gazan inoiz ez bezalako erasoaldi bat izanen dela.
Helburu hori badute, ematen du bi modutara baino ezin dutela lortu: Sri Lankak 2009an tamil tigreak deuseztatzeko jokatu zuen moduan jokatuta, artilleria astuna, aire erasoak eta lurreko inbasioa neurririk gabe uztartuta zibilez lepo beteta dagoen lurralde zerrenda blokeatu batean; edo, bertzela, Erdi Aroko eta Antzinaroko gerren estiloko setio baten bidez Gazan dauden guziak bizitzeko oinarrizko baliabiderik gabe utzita, errenditzea lortzeko edo erresistentziarako gaitasuna akitzeko.
Bi kasuetan, gutxienez AEBen oniritzia beharko luke hainbertzeko nazioarteko krimena bururatzeko, eta kontuan hartu behar da Israel ez dela Indiako ozeanoko uharte-estatu bat Sri Lanka bezala. Joe Biden AEBetako presidentearen bisitak gertakari nabarmen bat izan behar zuen gatazkaren garapenean, baina, Al-Ahli ospitalearen kontrako erasoaren ondotik, Tel Aviven narratibak are kolpe handiagoa hartu du nazioartean, eta munduko potentziarik handieneko presidentea irudia kaskartuta joan da etxera bueltan, urak baretzeko asmoz giza laguntza sartzeko adabaki bat adostuta.
HIZPIDEAK
Adabaki bat adostuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu