inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Abortatzeko eskubidea

2015eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Abortatzea ez da eskubide bat. Alfonso Alonso Espainiako Osasun ministroaren iritzi politiko hutsa izan zitekeena eragin handiko irizpide bat bihur daiteke, baldin eta, iragarri duten bezala, datozen asteotan Abortuaren Legearen erreformari eransten badiote. Izan ere, hasieran, 18 urtetik beherako gazteak gurasoen baimenarekin abortatzera behartzea zen egin nahi zuten aldaketa bakarra, baina, orain, legearen abiapuntua ere hankaz gora bota nahi du PPk: alegia, emakumeen abortatzeko eskubidea.

Izan ere, hori da 2010ean PSOEko gobernuak moldatu zuen legearen ardatza, eta horri heltzen diote gaur egun legez abortatzen duten hamar emakumetatik bederatzik.

Ruiz Gallardon Justizia ministro ohiaren erreforma atzerakoia atzera botatzeagatik sumindu ziren sektore elizkoi eskuindarrak erakarri nahi ditu PPk. Baina, horrekin batera, berriro ere agerian utziko du emakumeei —eta haiei bakarrik— dagozkien erabakietan esku hartzeko borondate obsesiboa. Horregatik da funtsezkoa eskubidea aitortzea, eta horregatik nahi du PPk ezabatu.

Osasun ministroak azpimarratu du «bizitzaren babesaren aldeko mezu argia» helarazi nahi dutela PPk eta gobernuak. Jaio aurreko bizitzaren aldekoa, esan nahi baita. Jaio ondorengoa nahi erara kontrolatu eta bideratzeko, eskubiderik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.