jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

7-8 euro

2018ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Zazpi edo zortzi euro izango dira. Baionarrak ez direnek zazpi edo zortzi euro ordaindu beharko dituzte, aurtengo uztailaren amaieran, ostiraletik igandera Baionako festetara joateko. Praktikan, hiria itxiko dute eta bisitariei patrika irekiko diete, sarrera ordaindu beharko baitute.

Gauza asko erakusten dituzte Baionako Herriko Etxeko arduradunek neurria zuritzeko erabili dituzten argudioek. Segurtasun neurriena nabarmendu dute. Atentatuen beldur, gero eta segurtasun neurri gehiago hartu behar dituztela. Estatua, beraz, bere parafernalia guztiarekin, ez da gai gutxienekoak eskaintzeko. Eta, Baionan ere, polizia gehiagorekin lotzen dute segurtasuna, jakinda erabateko segurtasuna ez dela posible, gezurra dela, kontrol eta polizia asko jarrita ere. Deigarria da halako indarrik eta kemenik ez jartzea eraso matxistak eragozteko —Baionako festetako segurtasun arazorik larriena den arren—.

Herriko etxeko arduradunak kexu dira, 50.000 baionarrek ordaintzen dituztelako ia milioi bat festazale biltzen dituzten jaien gastuak. Kasu horretan, agintariek herritarrak kontsumitzaile gisa hartzeko duten ohiturari uko eginez, bisitariek hiriari eta hiritar batzuei ekartzen dizkieten diru sarrerak ahazten dituzte. Eta agerikoagoa dena: urteetan jai eredu jakin bat bultzatu eta gero, zazpi edo zortzi eurorekin konpondu nahi dituzte jai eredu horrek eragindako eragozpenak, jai eredua bera auzitan jarri gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.