Etzi, ez bada kasualitatez guardiazibil bibotedun bat Espainiako Kongresuan sartzen mundu guziari geldirik egon dadila agintzera, eskuinak ezin izanen du eragotzi Pedro Sanchez gobernuburu hautatzea. PSOEko dozena erdi pasa diputaturen garciapagezaletasunari dei egitea izanen du aukera bakarra, edo, kontu ilunagoetan nahasi nahi badu, diputatu kopuru bera erromatarren txanponak onartu ondotik agertzea azken afarira —baina, kasu horretan, mesiasak deusen berririk izan gabe—.
Dena den, zail da etorkizuna asmatzea. Sanchezek bazkideekin hartu dituen konpromisoek 78ko erregimenaren oinarriak aldatuko ez badituzte ere, azken hamarkadatan ikusi gabeko eduki politikoa dute,eta PSOEk, sostenguen beharrik ez balu, kontra eginen lieke Espainiaren menpeko nazioetako alderdiek eskatutakoei. Sanchezek aitzineko legegintzaldian erakutsi du gai dela sinatutakoari driblin egin arren bazkideen babesa ez galtzeko, baina gerria mugitzeko eremua estutu zaio JxC ekuazioan sartuta.
Eta eskuina partida hasi orduko saiatuko da eskura dituen baliabide guziekin gobernu berria botatzen. Sanchezen eta haren etsaien arteko lehia aingira bat esku hutsik arrantzatzea bezala izan da orain arte: atzamarren artetik irrist egin die beti. Baina 2027ko uztailean oraindik Espainiako presidente bada, duela lau urte argitaratu zuen Erresistentziarako gidaliburua Sun Tzuren eta Makiaveloren obren ondoan paratu beharko dute liburu dendetan.
HIZPIDEAK
2027ko uztaileraino
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu