Eztabaida interesgarria jartzen diguzu mahai gainean, Vicent, Mariaren herriko Tanxugueiras talde bikain bezain berritzaileak bizi behar izan duen egoeraren harira. Ba ote dago estaturik, haien hizkeran esanda, hizkuntza erregionalak duintasunez tratatzen dituenik? Ez asko gure inguruan, beti ikusi dituztelako hizkuntza horiek arrisku bat bezala, eta ez elementu osagarri gisa.
Egia da gure inguruko mugimendu sezesionista askok, logikoa ere bada, hizkuntza propioa eta mendeetan baztertua daukatela oinarrian. Hizkuntzak nortasuna markatzen du, eta osagarri funtsezkoa da nazioaren ideiaren eraikuntzan. Seguru asko, ez zatekeen horrela jasoko, estatuak egituratu zirenean hizkuntza horiek baztertu ordez errespetatu, sustatu eta estatus oso bat eman baliete.
Tokian tokiko independentziazaleek askoz zailago edukiko zuketen diskurtso arrakastatsu bat lortzea, ezin izango baitzuketen salatu metropolia hizkuntza zapaltzen ari zitzaienik. Baina ez zen horrela gertatu, eta orain estatuek dauzkaten arazoak dauzkate, eta ez dira txikiak.
Tanxugueirasen auziak bidea ematen dit gure irakurle gazteei kontatzeko zuek, katalanok, Vicent, ondo ezagutzen duzuen pasadizoa, eta arestian argudiatu dudana ulertzen laguntzen duena. Espainiak aukeratu beharra zeukan Eurovision lehiaketan 1968an ordezkatuko zuen kantaria. Kanta bazeukaten, La, la la..., Duo Dinamico taldeak sortua, baina kantaria falta.
Azkenean, Joan Manuel Serrat gazte katalana aukeratu zuten Espainia ordezkatzeko.Hasi zen Serrat batetik bestera kanpaina egiten kantarekin, grabatu zuen sustapenerako hainbat hizkuntzatan eta, halako batean, esan zuen katalanez kantatuko zuela kanta hori Londresen jokatzekoa zen Eurovision jaialdian. Franco hil baino zazpi urte lehenago gertatu zen hori. Espainiako telebista publikoak ez zuen onartu Serraten erabakia, eta Massiel aukeratu zuten azkenean.
Irabazi egin zuen Massielek, eta hizkuntzekiko errespetuak galdu.
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Hizkuntza arazoaren muinean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu