Hurrengo hauteskunde orokorrek profil katartikoa ageri dute, ziklo amaierakoa, izaera konstituziogilekoa ia. Ez dakit azkenean hala izango den, betetzen duena baino gehiago hitzematen baitu maizegitan bizitza politikoak; baina, oraingoz, ekinbide arras iradokitzaileak eragin eta sustatu ditu, orain arte «tribuko» bihurtuegi zeuden urak —euskal eta nafar politikakoak— mugiarazteraino, zeintzuetan ez baitirudi zilegi herrialdeko hitzarmen handirik, talde politiko bakoitza zein bere hauteskunde eremuan eroso dagoelarik eta beren jarreratik mugiaraziko dituzten itunetatiko arriskurik onartzeko asmorik gabe.
Zalantzarik gabe, albiste ona da Nafarroan izandako mugimendua, hots, Nafarroako Gobernua osatzen duten lau taldeak «auzolan» politikoan indarrak baturik aurkeztea Senatura. Eta horrek hainbat ondorio ekarri ditu: akzio/erreakzioa; berehalako mugimendu bat Espainiako eta Nafarroako eskuinean, PP/UPNk itun bat egin duelarik hauteskunde aurretik; eta Rajoyren «perla» dialektikoa, Konstituzioko Laugarren xedapen iragankorra kentzea eta Nafarroa/Euskadi harremanaren inguruan loturak estutzea proposatzearen inguruan. Gobernuko presidenteari —botoak bereganatzeko hauteskunde irrikak dakarkio galbidea— ahaztu egin zaio horretarako eraberritu egin beharko direla Gernikako Estatutu gurea eta Nafarroako Foru Hobekuntzaren Legea. Edo alde bakarretik ezarri nahi du bere planteamendua?
A-20an amaituko dira gehiengo parlamentario absolutuak Madrilen (ez hala, ordea, bipartidismoa), eta hitzarmenak egin beharra etorriko da. Nola planteatu Euskaditik hauteskunde hauek? Jakinduria politikoaz jokaturik, aurre egin behar zaio unionismo estatalaren aldekoek betikotu nahi duten planteamendu frontistari, zeinak korrituak baitakarzkie Espainiako hauteskundeetan eta zeinaren bidez, egiaz, identifikatu egin nahi baitute zer-nola jokatzen duten euskal erakundeek antisistemarekin, aurrez ezarritako eredu instituzionala hausteari dagokionez.
Ustez Legearen inperioaren pean, euskal identitatearen sentipena moldatu eta bezatu nahi dute hura Estatu izendapen aseptikoaren eta arau ezarrien errespetuaren pean fagozitatuz. Inork ez du irauli ordena ezarria. Demokrazian, elkarbizitzarako arau gorena da proiektu politiko bat izatea eta hura aldeztea; betiere, beharrezko babes soziala izanik eta legez ezarritako baliabideen bitartez ariturik.
Harmonizazio bidez normaltasun demokratikoa identifikatu nahi izateak —euskal nortasunaren sentipena Espainiaren lurralde egitatearen forma mimetikoaren azpian barneratuz— eta diskurtso politikoaren zibilizaziohori euskal politikaren modernizazio proba gisa aurkezteak, izan ere, ezkutuan dakar euskaltasuna gutxiesteko desira, errebelde izateagatik —planteamendu politikoa bat ez baldin badator, behintzat, haren formulazio homologatzailearekin—.
Hitzartzea, kontziliatzea eta koalizioa egitea ez da uko egitea. Gatazkak eta ulertu ezinak eragotzi nahi izanez gero, negoziazioa da harreman politikoak arautu behar dituen funtsezko printzipioa. Euskadi, herrialde gisa, ezin da eraiki ez alde negatibotik, ez mespretxutik eta ez prepotentziatik. Eta norabide on horretatik dabil, hain zuzen, koalizioa eginik bat etortzea onartzen duten indar politikoen arteko elkarrizketa eta negoziaziorako proposamen hau. Erantzukizunez eta lidergo sozialez.
( Erredakzioan itzulia )
Hitzartzea ez da uko egitea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu