Heziketa, heziketa eta heziketa. Egungo gizartean zerbait larria gertatzen denean, eztabaida guztiek helmuga bertsua izaten dute. Heziketan datza gakoa. Gutxi azalduko dira ideia horren aurka. Eta sinesten dut sinesten, hezitzaile asko eta asko horren jakitun direla, eta ahalegin handia egiten dela heziketa guneetan —familian, eskolan, aisia-tarterako taldeetan, kirol taldeetan...— arazoei aurrea hartzeko. Baina zerbaitek egiten digu ihes.
Bestalde, beti entzun izan dugu honelatsu dioen gaztelerazko esaldi bat: «Jainkoak lerro okerretan ere zuzen idazten daki». Esaera horren ifrentzuan Euxebio Mugertza Mendaro Txirristaka bertsolariarena. Aitortzen zuen, behin eta berriz, ongi hezi zutela aita-amek; ongi hezi zuela herriko abadeak ere. Baina... bizitzan zehar barrabaskeriaren batzuk egindakoa izango zen. 75 urte zituela, bere damua azaltzeko honako hitzak darabiltza: «Zazpi nazio Ameriketan dira ibili naizenak, han ere asko, hemen bezala, adar gabeko zezenak. Aholku onak izanagatik erredentore Jesusenak, oker ibili nahi dugunontzat alferrik bide zuzenak».
Jainkoaren idazkeraren arrastorik ez, eta giza izaeraren ikuspegi hain etsia ez dugunok, topikoa bada ere, gakoa heziketan datzala sinesten segitu beste biderik ez dugu.