Umetan, «badakizu-ez dakizu oso ziur-ez duzu jakin nahi azken batean», impasse horretan, Errege Magoetan kuttunen zein genuen askotan aipatzen genuen familian eta laguntxoen artean. Baltasar aukeratzen genuen gehienok, desberdina zelako eta beste biak bereiztea hain erraza ez zelako. Gehienek Baltasar hautatzean hasten zinen beste bat hautatzen, zeu ere desberdindu nahian...
Gure herrian —ingurukoren batzuetan ere bai—, bada Eguberri garaian Olentzero eta Mari Domingi eta hiru Errege Magoez gain bisitatzen gaituen pertsonaia bat. «Bizarzuri» deritza. Santa Klausen itxura du, eta Errege Magoen postaria da. Errege egunaren bezpera-bezperan jartzen da herriko plazan zain, eta haurrek gutuna ematen diote banan-banan eskura, Bizarzurik Errege Magoei eraman diezaien. Atzo kontatu zidaten. Joan da lau urteko ume bat Bizarzuriri gutuna ematera. Adeitsu egin dio galdera hark: «Zein da Erregerik kuttunena zuretzat?». Umeak, zirkinik egin gabe, erantzun dio: «Zu!». Haurra azkarra da. Badaki zer erantzun. Badaezpada. Katebegi hark huts egiten badio nekez izango du oparirik...
Politikara jauzi eginda, urte askoan, Madril eta gure arteko harremanean, Eusko Alderdi Jeltzalea izan da Bizarzuri. Berak jasotzen zituen gutunak, berak zuen lortzaile fama, eta askok erantzuten zion «zu!». Orain ez daude kontuak hain argi...