andoni egana

Ziztada

2024ko maiatzaren 31
05:00
Entzun

Iritsi berria zen lantegi hartara eta lanik gogorrena erantsi zioten goiz hartan ere. Apalena. Produktu batzuk aurreko lerrora ekarri eta beste batzuk atzerago kokatu. Lan erraza baina mingarria. Batik bat apalik apalenetakoa. Makurtu egin behar izaten zuen. Edo luzaroan egon kokoriko. Eta belaunak sarri-sarri igurtzi, ez gehiegi minberatzeko. Ezker oineko juanetea ere gerra ematen ari zitzaion aspaldian.

Ordutegi murriztuarekin sartu zen lantegi hartara baina egun erdiko lanak ez zion bizitzeko adina ematen. Nagusiari behin baino gehiagotan eskatu zion egun osoko lana, baina beti bidaltzen zuen enpresako Giza Baliabideetako arduradunarekin hitz egitera. Eta honek —baliabide baino ez baitzen beretzat— ez zion inoiz jaramonik egiten. Eta legeek ere ez zuten nonbait babesten, sindikatuetara egindako bisitaldietan argi utzi ziotenez.

Ez zegokion atsedenaldirik, baina harrapatu zuen bost minutuko tarte bat egin beharrekoa egiteko. Hots, sakelakoari begiratzeko. Eta han, Iñigo Urkulllu lehendakaria sumatu zuen: «Behin euskal emakume enpresari bati entzun nion lan egiten duen pertsonari ongi ordaindu behar zaiola, ez soilik modu duinean. Iltzatuta geratu zitzaidan». Ziztada bat sentitu zuen. Eskuineko juaneteak ere ez zion bakerik eman nahi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.