andoni egana
HITZ ETZANAK

Zinemara

2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Aspaldian entzunditudan hitz burutsuenak iruditu zaizkit. 27 urteko mutil gazte batek bota ditu: «Gure amonak nahi duena ez da bi euroren truk zinemara joan ahal izatea...».

Carolina Alguacilek ere 27 urte zituen, 2005eko abuztuan El País egunkarira bidalitako gutun batean esamoldea estreinakoz erabili zuenean. Amaituak zituen unibertsitate ikasketak. Hasia zegoen lanean. Baina mileuristatzat jo zuen bere burua. Lehen botean ulertu genuen guztiok zertaz ari zen. Hilean mila euro inguru irabazten zuen langile aski ongi prestatuaz. Euskaraz ere, mil mila da, eta euro euroa, eta segituan geureganatu genuen esamoldea. Joan dira ordutik hemezortzi urte. Aldatu da mundua. Pasatu ditugu krisialdi larri bat, pandemia, gerra orain... eta aldatu ez den bakarra da mileuristen errealitatea. Oraindik ere asko eta asko dira zifra horren inguruko irabaziak dituztenak. Espainian, hamarretik lau. Orain hemezortzi urte gutxi bazen, pentsa zer den orain!

Gobernuek, besteren praketan sartzeko gai ez direnez, adabakiak jartzen dituzte adabakien gainean. Honela amaitu zuen esaldia 27 urteko mutilak: «Gure amonak nahi duena da bere bilobak lanpostu eta soldata duinak izatea, etorkizunari hel diezaion». Gainerakoak, pelikulak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.