andoni egana

Zergabiltzaile

2025eko apirilaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hala diote. Bizi omen zela ondo baino hobeto, egun resort horietako bat izango litzatekeenean, Judeako laku baten ertzean. Erromak bere probintziatzat zituenetan bazekien ongi zergak kobratzen. Ez ziren horretan motz geratzen. Zergak, produktuekin lakua zeharkatzen zuten ontzi jabeei; zergak, etxe-lurrengatik; zergak, norbanakoari. Eta zergabiltzailea omen zen bera, publikanoa orduko inperioaren hizkeran. Txanponak eskuetan beti, tentazioan behin baino gehiagotan eroriko zela pentsatzekoa da, eta bere bizi maila izugarria omen zen. Baina bizilagunek gorroto zuten. Bazekiten euren lepo ari zela aberasten.

Behin laku ertzeko hiri horretara hurbildu omen zen Nazaret-eko Jesus, jarraitzaile bilketako kanpaina bete-betean. Sartu zen zergabiltzailearen bulegora, eta bi hitz aski izan zituen: «Zatoz nirekin!». Zergabiltzaileak itsu-itsuan segitu zion. Utzi zituen bulegoa, ofizioa, etxea eta familia, eta Nazaret-eko Jesusekin joan zen. Gerora San Mateotzat ezagutuko genuen zergabiltzaile hura…

Bi mila urte joan dira, eta ingurumari haiek egiazko resort bihurtu nahi dituen re-publikano bat bada, munduaren jaun eta jabe, armen bidez ez denean zergen bidez gainerakoen bizimoduak baldintzatzeko gupidarik ez duena. Egoskorra inor bada, mila aldiz «zatoz nirekin!» esanda ere konbentzituko duen Kristorik ez da oraindik sortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.