andoni egana

Zazpi

2025eko otsailaren 5a
05:00
Entzun

Orduko euskaldun askok euren begiz ikusi zuten Beasainen, 1966an, Munduko Ziklo-kros Txapelketa irabazi zuenean. Lehenengoa zuen. Gerora, zazpi aldiz irabaziko zuen txapelketa hura orotara. Joan zen igandean berdindu zuen haren marka Mathieu van der Poelek. Herbehereetako txirrindulariaren garaipenak Erik De Vlaeminck flandriarra ekarri dit gogora ezinbestean…

Ikusi, ikusi zuten euskaldunek Erik De Vlaeminck. Baina gutxitan. Entzun egin zituzten hari buruzkoak gehiagotan. Eta entzunak beti uzten du ikusiak baino tarte handiagoa irudimenerako. Kontatzen zuten trebetasun ikusgarria zuela txirrinda gainean; hesiak txirrindatik jaitsi gabe gainditzen zituela; berezia zela oso izaeraz, bakartia inor bazen; Belgikako selekzioko gainerako hautatuekin hartzen zuela ostatu baina haiengandik aparte ibiltzen zela. Eta, batik bat, kontatzen zen bere izaera berezi horrek behin baino gehiagotan eraman zuela espetxera. Eta espetxean zegoela ere aurkitzen zuela entrenatzeko modua. Eta behin, irten eta hiru-lau astera jokatu zuela Munduko Txapelketa eta, halere, irabaztea lortu zuela. Gizarteratze adibide azkarrago eta arrakastatsuagorik!

Urtarrila luze eta aldapatsu gertatzen zaigunontzat ez da eredu txarra. Gizon bat kartzelan, kanpoko egoerak simulatu, eta prestatzen. Guk, askotan, alderantzizkoa egiten dugu: kanpoan gaudela, kartzelan sentitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.