andoni egana

Zazpi urte

2024ko urriaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ordenagailu, telebista edo sakelako pantailetara begira eman genuen eguna. Norabait mugitu beharra izanez gero, autoan sartzean irratia jarriko genuen. Egun handia zen. Berezia oso guretzat ere. Adi egon ginen oso urriaren lehen hartan. Zazpi urte joan dira...

Gogoan dut hilabete zela eguneroko zutabe hau idazten hasi nintzela. Irailaren 6tik aurrera Kataluniatik ezin aldenduta nenbilen. Ez zen beste gairik han eta hemen, eta aktualitateak egunero Kataluniarantz ninderaman derrigor. Galtza-barrenetan katigaturiko txarrantxak baino egoskorrago heltzen zidan Kataluniak. Ez zegoen gai hartaz nahita ere askatzerik! Eta urriaren lehena izan zen une gorena. Independentziari buruzko erreferenduma. Iragarria eta burutua.

Nonbaitetik une juxtuan ateratako hautetsontziak, euforia, poliziaren oldarraldiak... Nire jarduna hainbeste baldintzatu zuen gaia zertan den jakiteko grinaz esnatu naiz. Urteurrenaren aipamenik ba ote da gure inguruko hedabideetan? Apenas. Gure berripaper honetan ere hamaseigarren orrialdera jo beharra dago berri labur-labur bat irakurtzeko: «Gorenak berretsi du ez diela amnistiarik ezarriko buruzagi subiranistei». Ez dakit kontuak zenbateraino konpon daitezkeen eta zenbateraino dauden aldatzeko bidean. Baina hemen eta orain, aisa jotzen dugu ahanzturara. Txarrantxa kate bihurtua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.