Nerabeek eta gazteek euren buruei egiten dizkieten zauriei buruzko artikulu bat ari nintzen irakurtzen. Ez dira gehienetan bizia arriskuan jartzerainoko zauriak izaten. Askotan, beso-zangoetan arrastak izaten dira, axalagoak edo sakonagoak. Joera horren arrazoia? Bat baino gehiago. Baina adituek diote gazteek sentitzen duten hustasunarekiko izua izan daitekeela arrazoi nagusietakoa. Zer egiten dut nik hemen? Nola kokatzen naiz jendarte honetan? Zer itxaron dezaket etorkizunean? Eta zalantzak zauri.
Azaleko arrastada horiei buruz irakurtzen ari nintzela heldu zait Euskalgintzaren Kontseiluaren berri. Larrialditik indarraldira da Kontseiluak egindako agerraldiaren aldarria. Larrialdia sumatzen da, bai. Euskararen gorputzari eragin diote hainbat zauri sakon globalizazioak, mugikortasunak eta errealitate sozio-demografikoaren bilakaerak, zenbait epailek azken boladan, legeak berak lurraldearen zati handi batean… Kanpotik datozen erasoak. Kanpotik datozen zauriak. Besteek eraginak.
Ez dakit zerk eraman nauen orduan irakurri berri nuenera. Eta otu zait geuk ere badugula —adoleszenteak baikara gu ere, denetik eskas dugunak— erantzukizunik gorputz zauritu horretan. Zentzurik gabeko arrastada asko egiten diogula geure buruari nahiz Artzeren esaldi ospetsua buruz jakin. Indarraldirako lehen urratsa litzateke egiteari uztea…