andoni egana

Zalantzan

2024ko urriaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Otsoa atzo. Otsoa atzera gaur. Ezin izan diot tentazioari eutsi. Animaliak inoiz baino pertsonifikatuagoak dauzkagun garai honetan, Euskal Herriko mendebaldeko mugan bi otso irudikatu ditut, sartu ez sartu.   

Otsoetariko bat kezkaturik dago, zalantzatsu. Sartuko litzateke Euskal Herrian baina… Besteak galderei erantzun tinkoa emango die, Euskal Herrian sartze aldera. Hona bien arteko elkarrizketa: «Agiririk ez dugu. Utziko ote digute sartzen?». «Lasai. Europan gaude. Orain ez da deus erakutsi beharrik». «Migranteak ez dituzte toki guztietan ondo-ondo hartzen…». «Trankil. Gu ez gara migranteak, nomadak baizik. Nomadek badute xarma bat migranteek ez dutena». «Eta zereginik topatuko al dugu Euskal Herrian?». «Baiezkoan nago. Hau ez da urte garairik onena, baina laster helduko da Black Friday eta segituan Eguberriak. Zerbait prekarioa bada ere, izango dugu lana». «Eta aurkitzen ez badugu? Entzun dut kaleko afari solidarioak ere murriztu egin dituztela». «Moldatuko gara. Asko botatzen dute zaborretara. Haiek sobran dutenarekin aski genuke guk». «Eta hizkuntza? Guk ez dakigu bertako hizkuntzarik». «Lasai horregatik ere. Aisa hobesten dituzte kanpoko hizkuntzak Euskal Herrian. Eta hobesten ez dituztenean, entzun dut epaileak sartzen direla tartean». 

Azkenean, eman egin zuten pausoa. Ustez. Villaverde Turtziozen zeuden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.