Bizitza eskola izan behar luke Inauteriak. Umorerako, elkarbizitzarako, espazioen elkarbanaketarako... Eta baita birziklapenerako ere.
Egunotan, atzerakoa eragiten dit, ume ala heldu, erosi edo alokaturiko mozorro perfektu eta berri batekin sumatzeak. Aukera galdutzat jotzen dut. Atzo berripaper honek Javier Telleria Elorz tolosar inauterizaleari egindako elkarrizketa zekarren. Hona bere hitz batzuk: «Tolosarekin lotura izan dezakeen ideia batetik abiatzen gara, eta astebete lehenago hasten gara dena prestatzen: materiala, ikuskizuna, mozorroa... Mozorroa prestatzeko ganbarara joaten gara trapu bila. Tolosan oso ohikoa da aurreko urteetan erabilitako trapuekin mozorro berri bat sortzea».
Festarako bi ganbara dira, beraz, oinarri. Lepotik gorakoa lehenik, ideia, eta etxetik gorakoa bigarrenik, trapuen biltegia. Ganbara batek jakin behar du gainera bestean zer daukan. Hemen ebaki bat, han puntada bi eta gero josialdi bat... eta aurtengo mozorroa ere prest. Iaz ahizpak erabili zuena dela? Berdin dio. Asmoan datza gakoa. Zaharrak berri esaera inauteetako mozorrora ere ekar genezake. Bestela, laster ikusiko dugu telebista kameraren aurrean alokatu berri duen mozorro distiratsuz «ni usadio zaharren aldekoa naiz oso» dioen norbait.