Nik ere bere Xenpelar bat banuela. Esan banion esan nion. Oteitzak bazituen azalpenak edozertarako, eta kasu hartan, gainera, inork baino hobeto zekien zertaz ari zen. Galdetu zidan ea banekien zergatik zen bere Xenpelar hain luxea. Ezetz nik. Erreparatu gabe nengoen irudiaren estilizazio errealismorik gabean. Kontatuko zidala.
Ibili zela hirurogeiko hamarraldian herriz herri, non zer eraikiko, nola uztartuko herria eta artea. Iritsi zela Errenteriara eta izan zuela garai hartako udalarekin harremanik aski. Xenpelar bat egitea bururatu zitzaiola, bertsolariaren heriotzaren ehungarren urteurrena baliatuz.Proiektua burutan zuela, han zebilen batean, orduko ikastola zein zen erakutsi ziotela. Nahigabea sentitu zuela, iruditu zitzaiolako leku guztiz zapala. Eta orduan erabaki zuela, Xenpelar luxea ez ezik, garaia egitea, zerurantz proiektatua, zazpi metrokoa, zapaltasun derrigortuarekin kontrastea egin zezan. Gero, pipertu egin omen zen udalarekin eta ez omen zuen Xenpelar-ik kokatu, nahi izan zuen lekuan.
Gaur, aurtengo Kilometroak-en bukaera jaia, Errenterian, Orereta ikastolaren eskutik. Ez gaude 1969an eta errioa hautatu dute jardueraren irudi. Egokia. Zapal-garaien sasoia joan zen. Hedatu egin behar da orain...
HITZ ETZANAK
Xenpelar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu