andoni egana
HITZ ETZANAK

Xakelakoa

2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Marmar ozenduan ari nintzen. Gipuzkoan gehien salduriko egunkarian irakurria nuen berria, eta ez zitzaidan buruan kabitzen. Igandean, suhiltzaile talde batek pertsona bati Urumea ibaira erori berri zitzaion sakelakoa atera zuen errio hondotik. Sakelakoa ibaira erori zaizulako suhiltzaileei deitzeko barrua daukazu? Eta hauek, joan egiten dira eta uretan sartu? Ordaindu egiten al da irtenalditik baino gehiago ateralditik duen hori? Hurrengoa zer izango da, herri-lanetan ari den brigadari deitu eta Urumea arrozez bete dezan eskatzea, sakelakoa matxura ez dadin? Eta ibaira erori ordez komuneko zulora erortzen bazaizu, zilegi da suhiltzaileei deitzea?

Zalantzaren betaurrekoak soinean eraman ohi dituen batek eten zidan jarduna. Ez sinesteko den-dena. Irakurri zuela berak ere albistea eta behar zuela zerbaitek kontatu gabea. Biharamunak arrazoia eman zion. Suhiltzaileak azaldu ziren hedabide berean, kasualitate hutsa izan zela, lan-praktikak egiten ari zirela Urumeako uretan, eta sakelakoarena ondo-ondoan gertatu zenez, huskeria izan zela beraientzat hura hondotik ateratzea.

Ez da samurra egun, zer den egia, zer den gezurra, zer den erdi-egia eta zer den erdi-gezurra asmatzen. Eta betaurrekoak beti sudur gainean eramateaz gogaitu egiten da bat...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.