Gaua luze egiten da erietxean zaintza lanetara doanarentzat ere. Gaixoaren eztul txiki batek aztoratu egiten zaitu; haren arnaskeran aldaketaren bat sumatzen baduzu ohera hurbilduko zatzaizkio; zerbait eskatu dizula irudituko zaizu, baina hurbildu eta lo dagoela konturatuko zara. Leihoa bihurtzen da ihesbide bakar. Leihotik begira emango dituzu orduak, hiria nola lokartzen den eta nola esnatzen den ikusiz, burua auskalo non.
Leiho handiak garrantzia hartzen duen neurrian galtzen dute berea leiho txikiagoek. Telebistak, sakelakoaren pantailak...
Erietxeko gela batean harrapatu ninduen joan zen urteko urriaren 7ak. Izan nuen Hamasen erasoaren eta Netanyahuren gerra deklarazioaren berri. Baina nahiago izan nuen leiho handitik begira segitu, txikietakoak txikikeria iruditzen zitzaizkidan eta. «Gatazka luzearen pasarte bat gehiago», pentsatu nuen hasiera hartan. Ez nion antzeman ze urte zetorren. Sarraskia sarraskiaren gainean, eta urteurrena hurbilagotzen eta orduan eta gerra zantzu handiagoak. Azken hamaika hilabete luzean Israelek Gazan erietxe bat suntsitu duen bakoitzean korapiloa sentitu dut eztarrian. Leiho txikiek kontatuko digute bakoitzak —bere interesen arabera— nahi duena. Baina ez inori leiho handirik ukatu. Leiho handitik begira sortzen da gogoeta. Han gogoratzen iragana eta amesten etorkizuna.