andoni egana

Urdinaz

2024ko uztailaren 3a
05:00
Entzun

Ez naiz gai, euskaraz, urdin klase asko bereizteko. Etxean eta ikastolan urdin argia eta urdin iluna bereiztearekin asebetetzen ginen. Akaso, urdin bixia eta urdin hila ere erabiliko genituen, oso noizbehinka. Ez ginen nonbait oso zertzeladen zale. Atentzioa eman zidan gaztetan idazle espainiar bati irakurri nionak: «Gin-tonic koloreko zerua». Ate bat gehiago zabalik...

Mario Larrinaga da Bilboko jaietako kartel irabazlearen egilea. Eta afixaren izenburua Azul agosto. Gustatu zaizkit, bai kartela eta bai izenburua ere. Behe parteko jaietako burrundarari bake handia eransten dio goi parteko abuztuko zeruaren urdinak. Eta gehienoi zaigu urdin hori azalgaitz bezain ezagun. Zer du berezitik abuztuko zeruaren urdinak? Ez dakit. Baina zerbait bai. Gure belaunaldikoentzat Niveak eta abuztuko zeruak usain bera dute, nahiz bi urdin izan.

Atzoko berripaper honen azken orrian argitaratu zuten Mario Larrinagari egindako elkarrizketa. Mila kontu interesgarri, kartelgintza, argazkilaritza, perspektiba eta gainerakoen inguruan. Hizkuntzak egiten nau ni, ordea. Eta Azul agosto-ren ordaintzat Abuztu urdina irakurri nuenean, hitza trinkotzeko premia sentitu nuen. Eta letra larria txikitzekoa. Leiho bat gehiago zabaltzea litzateke abuzturdina...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.