andoni egana

Ura non?

2024ko irailaren 7a
05:00
Entzun

Huskeriak diruditenen batuketa baino ez garela esan zuen pentsalariak. Zientzialariek erantsi zioten gure planeta hau nagusiki ura dela, eta ura garela, nagusiki, norbanakoak ere. Ura ez da, beraz, huskeria. Edo huskeria bada ere, oso aintzat hartzeko huskeria da.

Jendaurreko ekitaldietan, ura ze edukiontzitan erakutsi ere aintzat hartzen hasiak gaude azken urteetan. Plastikoaren erabilera gehiegizko eta bakarraren aurkako borrokan, gero eta oholtza gehiagotan sumatuko ditugu pitxerkada bat ur eta edalontziak, parte hartzaileak zenbat, hainbeste. Oro har, oso serio hartzen ari garen kontua dela esango nuke. Batzuetan xextra txikiak sortzeraino. Plastikozko ur botilarik azaldu nahi ez eta pitxerra falta. Eta noren erantzukizuna da, antolatzailearena edo jendaurrean parte hartu behar duenarena?

Huskeriatan katigatzen naizela pentsatuko duzue batek baino gehiagok. Atzo, egunkari honek lehen orrian zekarren argazkiari begira geratu nintzaion. Osakidetza eraldatzeko mahaiaren lehen bilerakoa zen. Berez ertz asko dituen gai bati —azken hamabost egunean premia izan dut eta ez dut inolako kexarik harreraz, arretaz, hizkuntzaz...—, atera nion beste puntta bat. Parte hartzaileek, aurrean, plastikozko ur botila bana zeukaten. Osasuna osotasunetik badator, eta osotasuna huskerien batuketa baino ez bada, ez dirudi eredugarria guztiz...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.