andoni egana
HITZ ETZANAK

Une zailak

2022ko abenduaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken bi-hiru egunotako hitz eta irudi uholdean, esaldi batek eman dit atentzioa. Zale, jokalari eta entrenatzaileen ahotan hitz beretsuak: «Gure herria une zailak pasatzen ari da, eta merezi zuen horrelako poz kolektibo bat».

Argentinarrek esan dute Munduko Futbol Kopa irabazi ostean. Inoren poza ez da zalantzan jartzekoa. Eta poz horrek, kolektiboa izatean, begirunea sortzeko aukera handiagoa eskaintzen du. Baina askori pasatuko zitzaigun buruan «une zailak» gainditzeko modua hamaika lagun elastikodunengan jartzeak ez dakarkeela deus onik, jendetza horren emozioak eta indarrak beste norabait bideratuko balira, akaso «une zailak» errazago gaindituko lituzketela. Horrelaxe bizi gara, erdi haserre eta erdi gustura. Eta ez argentinarrak bakarrik.

Bestalde, esaldiak egia bat bistaratzen du askorentzat balekoa izan daitekeena. Zein ez da «une zailak» pasatzen ari? Espainia ez dabil ederbegira. Frantzia? Senegal? Maroko? Ingalaterra?... Hurrengo txapelketa hasi aurretxoan, «une zailak» pasatzen ari diren herrialdeen zerrenda eskaini beharko liguke FIFAk. Hartara pistaren bat izango genuke zeinen alde egin jakiteko ere. Eta geure selekziorik bagenu, «une zailak» pasatzen ari direnen zerrendan ze postutan jarriko gintuzkete?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.