Irakasle lanetan ere ari naiz joan den hiru hilabetean. Bi talde ditut eta asebete egiten nau jardunak. Ikasleek adi entzuten dizkidate azalpenak. Nire esanekin bat ez datozenean gai dira euren iritzia emateko. Zalantzak dituztenean galdetzen badakite. Ez dut sakelakorik sumatzen mahai gainean. Etxerako lanak agindu, eta eginda ekartzen dituzte gehienek. Ez dute teknologia berriekiko menpekotasunik. ChatGPTk egindako lanik ez dut sumatu ekarri dizkidatenen artean. Eskola bakoitzaren hasieran diosala egiten didate eta bukatzean eskerrak ematen…
Joan zen astean, berripaper honetan, Eider Agirre eta Eñaut Intxaurraga Uriarteren iritzi artikulu bana. Irakasle lanetan ari direnak biak, azken boladako greba deialdiak abiapuntu, biek ala biek irakaskuntzaren inguruan bizi dituzten arazoez idatzi zuten, nork bere ikuspegitik. Irakur itzazue. Kezkatu egiten nau sakoneko arazo bat badagoela berresteak. Galduak, ahulduak, salduak… gabiltza nonbait. Gizarte aldakor honek sorturiko ikasleen arreta defizitari egoki erantzuteak eskatuko lituzkeen baliabiderik gabe.
Oso bestelako bizipenak izan ditut nik azken aldian. Aitortu ez dizuedana da, ez naizela irakaskuntza arautuan ari. Ari naizela herriko Udaberri elkartean, jubilatuei hitzari buruzko eskolak ematen. Udazkena udaberritzea ongi dago; udaberria udazkentzeak ematen du min.