Ezagun batek epai bitxia eman zuen lehengo batean: «Txit-ik gabeko bertso saio gehiegi entzun dizkiat azken urteetan!». Banekien noratsu heldu nahi zuen eta ez nion segi. Ari zen, egun bertsotan borobilegi egiten dugula adierazi nahian. Hari, bertsolariek txit behin eta berriz erabiltzen zuten garaia erakargarriagoa iruditzen zitzaion. Txit zen silaba bakarreko helduleku preziatua, nahiz eta bertsotan eta gorena zen norbaiti zuzenduriko gutunetan soilik erabili.
Bai bertsotan eta bai tratamenduen garaian, galtzen joan da txit, eta ez dit pena handirik ematen. Gogoan dut oso, noiz jabetu nintzen delako txit horrek etorkizun makurra zuela...
Duela ia 40 urte gabon kantez osaturiko zinta bat grabatu genuen Gasteizen. Udala zen eragile, eta ikastetxe batzuetako irakasle eta haurrek kantu bana grabatu behar zuten. Monjen ikastetxe batekoek hautatu zuten abestia: Haurtxo txikia. Eta grabatu ere egin zuten. Belarriak zolituta baino ez zegoen ohartzerik kantuari aldaketatxo bat erantsi ziotela, eta norengandik zetorren ikusita, seguru-seguru, asmo txarrik gabe. Hala entzun zitekeen: «Haurtxo txikia sehaskan dago, zapi txuritan txis bero». Ez dut gogoan nola konpondu genuen arazoa. Egun, txintik ez nuke aterako. Kontakizunari txis egokiago datorkio txit baino. Jesus haurtxoa lurtarrago bihurtzen du...