Esaldi jakin batzuk «ikusi» egiten dira. Hala gertatu zitzaidan joan zen ostiralez berripaper honen azken orrian Miriam Ortiz Mugerza sukaldariak bota zuen batekin. Kozinatzeko garaian ze tresna erabiltzen duen galdetuta, erantzun zuen berak altzairu herdoilgaitza edo kristala erabiltzen dituela. Eta honakoa erantsi zuen: «Baina plastiko asko erabiltzen da, eta, datuek diotenez, pertsona bakoitzak kreditu txartel baten neurriko plastiko zati bat jaten du egunero».
Atera egin nuen sakelatik kreditu txartel bat. Luzaroan egon nintzaion begira. Oharkabean, baina halako bat plastiko jaten badugu egunero, ez goaz ongi. Inbentu madarikatua norena zen begiratzera jo nuen.
Leo Baekeland oso aberatsa zen plastikoa asmatu zuenerako. Belgikan jaioa, zapataria zuen aita eta berarekin jarri zuen lanean 13 urterekin. Baina mutikoak ikasi egin nahi eta amak ahalbidetu zion gau eskolatarako sarrera. Kimika ikastera heldu zen. Ezkondu eta AEBetara jo zuen, eta bertan asmatu zuen argazkiak errebelatzeko paperaren formula. Aberastu egin zen. Laborategia jarri zuen etxean, eta saltsan zebilela, gerora plastikotzat ezagutu dugun hori asmatu eta «bakelite» izendatu zuen. 1907ko uztailaren 11n hala idatzi zuen bere egunerokoan: «Oso oker ez banabil, inbentu honek garrantzi handia izango du etorkizunean». Oso oker gabiltzanak gu gara…