andoni egana

Txanponak

2025eko apirilaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zikinaren saihets-adierarik gabe esaten ziguten dirua zikina zela. Eskuz esku ibiltzen zena eskuetan erabili ondoren, eskuak garbitu egin behar zirela. Txanponez ari ziren hori aholkatzen ziguten helduak…

Egun, egoera idilikoa ere iruditzen zait aldiro kartera zabaldu eta umeari txanponak ematearena. Gustuko ditut litxarreria denda txikiak; gustuko txanpon baten truke bolak ematen dituzten makinak; maite ditut tabernen eta denden sarreretan jartzen dituzten moto horiek, txanpona irentsi eta kulunkan hasten direnak. Truketik salerosketarako urrats naturalena baita txanpona. Zikina da, bai. Baina ez dakit ez den denik dirurik garbiena. Besteak, ikusten eta ukitzen ez den horrek, aukera gehiago ditu zikina izateko. Txanponarekin gobernatzen dena, okerrenera, txanponik gabe gera daiteke; txanponaz gaindi dabilenak, txarrenera, kiebra joko du. 

Txanponaren goraipamen sukartsu honek arrazoi hutsala du segur aski. Kuku garaira heldu gara. Mendeetan zehar iraun duen kondairak zentzua gal dezake txanpona ezkutatzearekin. Aitak mendi buelta bat eman dezaten konbentzitu du seme nerabea. Entzun dute lehen kuku hotsa. Sakelan txanponik badaraman galdetu dio aitak. Ezetz semeak. Usadioaren berri eman dio aitak. «Sakelakoa daramat», erantzun dio semeak. «Bizum-ak egiteko balio badu, txorrada horretarako ere balioko du ezta?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.