Kontsentsua ederra da berez. Esan nahi du gai zarela zure zalantzen gainetik kidearen ziurtasuna jartzeko; edo bera bere ziurtasunen gainetik zure zalantzak jartzeko gauza dela; edo zure ziurtasunei adinako begirunea diezula besteen ziurtasunei; edo bat eta bestea zalantzan zaudetela eta erdigune bat adosteko adinako argitasuna baduzuela. Ez naiz teoria hutsen gainean ari. Elkarte bateko zuzendaritzan parte hartu nuen, non, salbuespenak salbuespen —hamar urtean birritan baino ez ginen iritsi bozkatzera—, erabakitzekoak hitz egitearen poderioz erabakitzen ziren. Kontsentsuak irabazle-galtzaile binomioa apurtzea dakar…
Aldiz, jasangaitz gertatzen zait politika eta politikarien inguruan oso hedatua dagoen diskurtso biskatsu hori: «Beti elkarren aurka zebiltzak!»; «Ez al ditek sekula elkar hartu behar?»; «Besterengatik sekulakoak esatetik bizi dituk!». Ulertzekoa! Bakoitzak bere ideiak eta bere egitasmoak ditu, eta haiei eustea, zilegi ez ezik, premiazkoa da.
Albiste bihurtu da EAJ, PSE eta EH Bildu trantsizio ekologikoa arautzeko oinarrizko akordio batera iritsi izana. Arestian idatziak aintzat hartuta, ez dakit poztu —printzipioz, bai—, tristatu —ez daukat zertan—, kezkatu —badaezpada, bai— ala lasaitu —badaezpada, ez—. Ez dakit…