Oximoronek —hitz bi elkarren segidan eta esamolde berean, batak bestea ukatzen duena— irribarrea ostuko dizute gehienetan. Inteligentzia militarrarena oso da zaharra eta ezaguna; badaezpada arriskatzea aholkatzen duena nire kuttunetarikoa da; Zarauzko Kultur-etxe berria da beste bat esanguratsua... Oximoronek badute irribarretxoa lapurtzeko zera hori. Baina ez beti. Aste honetan, haserrea baino sortzen ez duten bi oximoronen berri izan dugu. Esan dituztenentzat ez ziren oximoronak izango. Nire belarrietara hala sartu dira. Izan ere, zerbaitek azalpenik ez duenean, gai gara hizkuntza ito arte bihurritzeko...
Gisèle Pelicot andereari eragindako sufrikarioaren ondorengo auzian, bortxatzaileetariko gizonezko batek honako oximoronaren bidez zuritu du bere burua: «Nahi gabe bortxatu nuen». Nahi gabe bortxatu? Nahi gabe ari denak ez du inor bortxatzen. Eta bortxatzailea ez da inoiz nahi gabe aritzen. Bestalde, Israelgo lehen ministroak, Benjamin Netanyahuk, Libano bonbardatu izana honako argudiopean zuritu du: «Botere oreka» lortu nahi dute. Nik dakidala, boterea beti da goitik beherakoa, agindua, zigorra... Botereak ez du orekarik onartzen. Eta orekak ere, zinezko oreka bada, ez du botererik behar.
Hitzetan harrapatzen diegu tranpa. Hitzak hitz soil dira, ordea. Esateko moduak bezala desaktibatuko bagenizkie egiteko erak...