andoni egana

Taupada

2024ko uztailaren 14a
05:00
Entzun

Hitz polita iruditzen zait taupada. Berez polita. Baina metaforizatzen hasten garenean, maiztuaren maiztuz segur aski, hotz uzten nau. «Herri honen taupada», «udaren taupada», «bizitzaren taupada»... Puf! Askotan pentsatu izan dut ez dudala aski sentiberatasun. Edo ozpintzen hasia nagoela...

Modu batera hitz egiten dugu eta bestera bizi gara, eta ez dirudi berehalakoan oreka lortuko dugunik. Hainbeste «lurraren taupada» edo «ama lurraren taupada», eta nik —gure herrian behintzat bai—, entzuten ditudan taupada bakarrak lurraren kontrakoak dira. Hilabeteetan, ordu askoz egunean eta minutuero hirurogeiren bat. Pun! Pun! Pun! Pun! Mailu erraldoi batek lurra kolpatzen du etxe berriak eraikitzeko prestatzen ari diren orube batean. Hotsa urrutira entzuten da. Eta sarkorra da. Udako beroa eraman ezinda bazabiltza eldarnioak ere sortuko dizkizu, azkenerako ez baitakizu ongi zeure bihotz taupadak entzuten ari zaren edo mailu erraldoiak sorturikoak diren. Eta ez gara behar beste kexatzen. Garapenak eta ongizateak derrigor eskatzen duten peajearen partetzat hartzen dugu nonbait kolpe-hotsen molestiarena.

Alkate edo zinegotziren bat «lurraren taupadak» aipatuz entzuten dudan unean erretzeari utziko diodala hitzematen dut. Iritsiko da eguna...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.