Poetikoa delako gustatzen zait Julio Ramon Ribeyro idazle perutarraren edertasunari eta distantziari buruzko pasartea. Berak dio kilometro bateko distantziara guztiok garela berdinak eder-itsusian. Punttu ñimiño bat hodeiertzean. Zentimetro bateko distantzian ere guztiok gara berdinak. Larruazal hutsa. Horiek balio ez badigute, zein da edertasuna neurtzeko distantzia zuzena? Idazleak berak ematen du epaia: elkarrizketarena.
Hitz lauz idatzitako poesia da hori, ordea. Azken boladan, errealitateak beste bide batzuetatik garamatza. Edertasunaren distantzia atzendu, eta harremanen distantzia finkatzea da egungo premia. Aski ikertua eta zehaztua zegoen lau distantzia motaren hori: distantzia intimoa, 0,45 metrotik behera; distantzia pribatua, 0,45 metrotik 1,2ra; distantzia soziala, 1,2 tik 3,5era; distantzia publikoa 3,5etik 7 metrora.
Birusaren eraginez, bi muturretako distantziak, intimoa eta publikoa, ez dira nabarmen aldatuko. Baina tarteko bien distantziak aldatu behar ditugula esan digute. Distantzia pribatuak distantzia sozialaren neurriak hartu beharko ditu. Hots, lagunak ezagun soil bihurtu eta bilera informalak bilera formal. Ez da erraza izango. Baina egiteko modukoa da. Ikasia den oro desikas omen daiteke...

HITZ ETZANAK
Tarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu