Gerra garaian eta ostean ume ziren haien belaunaldikoak badoaz apurka. Baina batzuk badira oraindik bizirik. Eta horietako bati baino gehiagori sumatu diot taloarekiko arbuioa. Egungo festaren batean taloa eskuetan dugula ikusten bazaituzte laster botako dizute: «Motel, motel, taloak hainbesteko estimazioa? Guk nazkatzeraino jan behar izan genian umetan!». Garaiak aldatu egiten dira. Azken urteetan taloa bada, festa eta diru-bilketa lekuetan protagonista nagusietakoa.
Nik Xumai Muruari entzun nion duela urte batzuk, Sarako plazan bertsotan ari ginela. «Iparraldeko ikastalo» kantatu zuenean sekulako grazia egin zidan. Bi bokal lekuz aldatzearekin errealitate oso bat ongi islatzen zuela iruditu zitzaidan. Ikastaloa zen borondatezko lana, taldekoa; grina eta, neurri handi batean, ezina. Dena batera.
Orain, Peio Jorajuriak bost urteren ondoren Iparraldeko ikastolen lehendakari izateari uzteko unean, hala bota du: «Taloen saltzeko gure gaitasunari lotua da Seaskaren garapena, eta ez botere publikoen eraginari». Esanguratsua. Derrigorrean taloa jan besterik ez zuten garai hura urrun dago; baina Seaska ere ez da atzo goizekoa. 55 urte badira sortu zela. Garatzen ari den hezkuntza sare bat da. Eta botere publikoek aurka gehiago egiten dute alde baino. Agintarien artean, talo hutsak batzuk; taloartekoak besteak…