andoni egana
HITZ ETZANAK

Tabakoa

2023ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Errepublikazalea zen gizona. Fundizioko goritik gorrira alde handirik ez dagoelako akaso. Ez zuen militantzia jakinekorik, baina ANV eta PC omen zituen gustuko. Gerrara jo zuen. Galdu. Eta zigor gisara, Batallón de Trabajadores-etan aritu behar izan zuen.

Emazteak, senarra noiz etxeratuko pasa zituen urteetan, zigarroak biltzeari ekin zion. Zigarroak zituen gutizia senarrak, eta bueltakoan ez zezala horrelakoen faltarik sumatu zuen bere tema. Biltzen zituen besteren mutxikinak. Bakantzen zituen haietatik tabako-hari printzak. Eta osatzen zuen hainbatekin bat, berria. Mordoska handia osatu zuen, nahi baino gehiago seguru seguru, itzulera luzatu egin baitzen. Mimo handiz eginak, handiagoz gorde zituen askatasun eguna noiz helduko zain.

Behin, kaletik bueltan, etxean sartu eta bihotza irauli zitzaion. Tabako usain mina. Zoriona. Hasi zen senarrari deika eta erantzunik ez. Ekin zion etxeko bazterrak miatzeari, eta han aurkitu zituen, ezkutuan ustez, 10 urteko semea eta bere lagun kuadrillako mutikoak zigarroei nolabait tiraka. Errieta egin zien. Baina ez erretzea txarra zela argudiatuta, bere barruan sortu zuten poza zapuztu zutelako baizik. Agustin Ibarrola margolaria zen hamar urteko mutiko hura. Laurogeita hamabi urte ditu eta bizi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.