andoni egana

Suzko zatiak

2025eko martxoaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Orain, erretzaile askok, kukurutxo bat eramaten du hondartzara, zigarrokinak bertan botatzeko; orain, mendizale askok, lehen baino ardura handiagoz jasotzen dituzte mendian sortutako hondakinak; orain, etxe askotan,  birziklaketarako bidearen lehen urratsa zintzo ematen da. Sortu da kontzientzia bat, eta askok eragiten du, bere neurrian bakoitzak, planetaren biziraupenaren alde.

Herritar eredugarrien joera horren kontrako eredurik bada, ordea. Gure planeta hau baino besteak gehiago interesatzen zaionik bada, antza. Elon Musk aberaskiloa, esaterako. Marte azken helburu, espazio ontziak bota eta bota ari da. Herenegun azkenengoa. Zortea ala ezagutza, bietarik bat, falta zaio, ordea. Zortzitik bost irten ahala lehertu zaizkio. Espazio ontzi horien zati sutu solteak erortzen eta lurrean barreiaturik geratzen geure begiz ikusi ahal izan dugu. Badira mendian ahaztutako goxoki-paper bat adina, baina gizon honi ez dio inork kargu hartzen.

Adiskide batek, otorduren batean edo, norbaiti edalontziren bat edo plateraren bat hausten zitzaionean, sustoa arintze aldera, sarri esaten zuen: «Lasai. Ez da ezer pasa. Puska denak osorik daude!». Ez inor lasaitze aldera hain zuzen, baina aberats jende honek halatsu jokatzen du. Puska denak osorik geratu balira bezala. Ze ordea! Beraienak dira bai puskak eta bai osotasuna. Planeta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.