Pertenentzia sentimendua ederra da zerbaiten parte izateari dagokionean; higuina sortzen du, gehienetan, zerbaiten jabe izateari badagokio. Duela egun batzuk irrati espainiar bateko kirol programa entzunez nentorren autoan. Afrikako Kopa jokatzen ari ziren futbolean. Eta zoriak nahi izan zuen bi Gineak aurrez aurre egokitzea. Ginea Konakry Ekuatore Ginearen aurka. Eman zuten emaitzaren berri. Eta sasi-kazetari batek zalantza azaldu zuen: «Nor dira aurretik doazenak, gureak ala besteak?». Beretzat, oraindik, Ekuatore Ginea «gurea» da, nahiz mende erditik gora den Espainiarekiko independentzia lortu zuela.
Parisen dira aurtengo Olinpiar Jokoak. Bizitzan behin egin ahal izango den zerbait egiteko tentazioa. Urruti ez dago. Begiratu dut non diren probak. Errugbia eta atletismoa Stade de Francen; futbola Parisen, Bordelen, Nizan, Nantesen...; zaldiketa Versaillesko jauregian; eskubaloia eta saskibaloia Lillen; belaontziak Marseillan; tenisa, jakina, Roland Garrosen...
Surfarenak harritu nau. Miarritzen-edo jokatzea espero nuen nik. Tokitan nenbilen! Tahitin jokatuko dira surf probak. Paristik 15.700 kilometrora. Burugabekeria iruditu zait; bidegabekeria da. Frantziak, oraindik, Polinesia zati bat berea du. Berea, komatxorik gabe.