andoni egana

Sumisioz

2024ko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Mutikotako oroitzapena. Zarauztarrak trumilka, batzuk saltaka, besteak oinez, asko bizikletan, Getaria aldera. Zarauzko antenan lehergailu bat ipini zuten eta telebistarik ezin zitekeen ikusi. Getariara. Urtainek jokatzen zuen borrokaldia, eta garai hartan ez zegoen hura inola ere galtzerik. Ibañarritakoak jende mordoa liluratu zuen sasoi hartan...

Orain, inguruan bertan, Topuriaren izena entzuten hasi naiz batean eta bestean. Duela mende erdi Urtainek eragin zuenaren antzeko efektua suma daitekeenez, delako Topuria nor den eta zertan aritzen den begira hasi naiz. 26 urteko mutil bat da, Alemanian jaioa, baina zortzi urtetik hamabostera Georgian bizi izan zena, gurasoen jaioterrian. Hamabost urte zituenetik Espainian bizi da, Alacanten. Eta egiten duen kirola «arte martzialen» nahasketa bat da, non ukabilkadez gain, ostikadak eta elkarri heltzea ere onarturik dauden. Munduko txapeldun izendatu berri dute eta horrek areagotu egingo du bere erreferentzialtasuna.

Bere kirolean, borrokaldiak KOz, puntuetan edo «sumisioz» irabazten dira. Izen argigarria. Eta bere babesle baten aldeko hitzak darabiltza beti Topuriak. Fuera Okupas enpresa da. Gazte euskaldun askorentzat eredugarri izan daitekeela pentsatzeak nazka sortzen dit. Eta beldurra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.