Arretaz irakurri dut berripaper honetan Jon O. Urainek Xabier Barandiaran EAJko Berrikuntza politikoko arduradunari egindako elkarrizketa. Otsailean abiatu zuen alderdiak Entzunez Eraiki prozesua, herritarrek, hainbat adituk eta alderdikideek herri hau eta bere etorkizuna nola ikusten duten jakiteko.
Gizartean aldaketa handiak izan dira, eta handiagoak datoz segur aski, eta bada pentsamendurako tarte bat hartzeko garaia. Interesgarriak iruditu zaizkit herritarren eta klase politikoaren arteko distantziaz Barandiaranek bota dituenak, agenda berrituari buruz esanak, derrigorrezko autokritikari buruzkoak, adiskidekeria aipatu izana... Kazetariak estatus politikoa berritzeko prozesua geldirik dagoela iradoki dionean, Xabier Barandiaranek elkarrizketa eta sukalde lana ezinbestekoak direla erantzun du.
Sukalde lana beste behin ere. Ditxosozko sukalde lana. Herritar hilkorrongandik urruneko zerbait. Maria bainuan egindako politika dakar sukalde lanak. Ontzi bat beste baten baitan baina elkar ukitu gabe. Tira... akaso horixe da nahi duguna. Gaur-bihar ere, sukaldaria betikoa izango da etxeetako otorduetan. Gainerakook, joan eta jan. Eta ez gara kexatzen hasiko menua betikoa dela eta sukaldariaren irudimen eta ausardia faltaz...
HITZ ETZANAK
Sukalde lana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu