Suaren ondoan, sutondoan, sentitzen zara zinez etxean. Suaren ondoan kontatzen dira ipuinak eta kantu zaharrak toteltzen; suaren ondoan egiten zuten topo hainbat belaunaldik beti elkarri zerbait irakatsiz; suaren ondoan egiten ziren etxeko lanak.
Suaren jiran hartzen ziren erabakiak; suaren jiran agurtzen ziren kanpoan egonaldi bat egin ondoren azken gauean gaztetxoak; suaren jiran egiten da dantza… Suaren gainetik egiten da jauzi San Joan bezperan; usadioz, suaren gainean ibilita erakusten dute euren adorea gazteek hainbat jai herrikoitan… Suaren ondoan, bai. Suaren jiran ere bai. Eta baita suaren gainetik ere. Ohituak gaude jarduera eta esamolde horietara. Kuttun sentitzen ditugu. Atzodanik bada ordea esamolde berri bat. Netanyahuk jakinarazi die palestinarrei «suaren azpian» negoziatuko dutela. Jakinarazpena erasoarekin batera etorri da, eta ehunka hildako eragin ditu. Duela lau egun berri txiki eta kezkagarri zena —zazpi hildako— errealitate izugarri bihurtu da gaur. Tamalez, suaren azpian lurraren pean da.
Aspaldi ikasi genuen bi begiradak ere sor dezaketela sua. Su etenerako ere bi begirada behar dira, noranzko berean joko dutenak. Baina ez dirudi israeldarrena inork aldatuko duenik. Betoker segituko dute, Atlantikoaz bestaldeko Oftalmologo Handiak bistan akatsik ez dutela esaten dien bitartean.