Bazen duela mende erdi esaera bat, zalantzarik gabe gizonezkoren batek asmatua, arrakasta handia izan zuena. Sermoiek eta emakumeen gonek elkarren antza behar omen zuten. Izan behar zuten motzak eta ahalik eta gehien erakusten zutenak.
Frantzisko aita santua ez da horrenbestera iritsi. Baina sermoiak laburrak izan daitezen aholkatu berri die elizgizonei. Zortzi minutu gehienez. Ezagutzen du nonbait aita santuak Baltasar Gracianen esaera hura: «Ona eta laburra, bi aldiz on». Ez da, ordea, hain ezaguna esaldiaren bigarren partea. Hala dio: «Txarra ere, gutxi bada, ez da hain txarra». Eta segur aski aita santua esaldiaren bigarren zatiak gidatu du aholkua ematerakoan, sermoi luzeegiak jendea lokartu egiten duela aitortu baitu. «Ona egiteko gai ez zaretenez, egizue gutxienez laburra» da bidali duen mezua.
Tokitan geratu dira sermoia arte bat zen garai haiek! Baziren sermoilaririk onenen zerrendak ere! Orain —aita santua ez dabil oker— kamustu egin da sermoilarien mihia. Nire lanbidea dela-eta urtean hiru-lau sermoi entzuteko parada izaten dut. Eta gehienetan pentsatzen dut —izan daiteke harrokeria hutsa— nik buruari buelta gehiago ematen dizkiodala hiru bertso botatzeko, apaizek sermoia prestatzeko baino. Eta nirea ez da ogibidea baino! Egi-bidea balitz...