Lagun batzuen lagunak. Bikotea eta sei urteko umea. Harreman polita genuen, eta tarteka egiten genuen elkarrekin otorduren bat edo arratsalde pasaren bat. Gurasoek badakite euskaraz, baina gazteleraz bizi dira. Umeak, badaki gazteleraz, jakina, euskaraz ere dexente eta ingelesez egiten du. Ohartzen nintzen ni, eta gainerakoak ere bai, umea iheska ibiltzen zitzaidala, ez zuela nirekiko harreman samurregirik, nahiz eta nik ahalegina egiten nuen, jolasean, pailazokeriak eginez, kantuan, karta-jokoan…
Gurasoak, gure arteko harreman asimetrikoaz jabeturik, kargu hartu zioten sei urteko umeari. «Zergatik ez diozu kasu gehiago egiten Andoniri?», galdetu zioten erdaraz. «Euskaraz egiten didalako. Eta gainera erre egiten du», bota zuen umeak, gazteleraz. Bigarren erdian arrazoia zuen. Baina «eta gainera» bat zen. Sustantzia esaldiaren lehen zatian zetzan. Hori baino ez bazen ez zegoela arazorik esan zioten gurasoek. Andonik bazekiela gazteleraz ere. (Erretzeari buruz ez zioten deus agindu nik dakidala).
Euskarari dagokionez, Epaitegiek jokatzen dute sei urteko haur hark bezala. Erdarak dira ardatz. Erdaretan tinkatu dira eta euskara ez da «zortedun» batzuk sehaskatik dakigun hizkuntza bat baino. Eta gurasoak Administrazioa dira. Haur kasketosoak mainaren batzuk egin dizkielako atzerapausoak emateko prest beti.