andoni egana

Santa

2024ko azaroaren 26a
05:00
Entzun

Santak asko ditugu, eta gure usadioan ongi sustraituak gainera. Santa Agedarengandik hasita. Bere izena behin eta berriz erabiltzen dugu atez ate otsailaren hasieran. Santa Genobeba ere ez da edozein gure tradizioan. Hari buruzko bertso sorta luzea buruz ikasteko gaitasuna zuten lehen. Eta esamoldea ere ongi atxikia geratu zaigu ezezkoari indarra emateko, dela «sekula santan» dela «santa sekulan», dela Imanol Lartzabalen kantuan, dela Azkuek Hondarribian bildutako itsas denborale bati buruzko bertsoetan 

Baina leku berean eta bi mundutan bizi garela dirudi. Santa horiekin zerikusirik ez duen beste santa bat aipatzen du Mikel Erentxunek bere Santa está en San Sebastián gabon-kantan. Sortzaileari utzi egin behar zaio nahi duena sortzen. Sorkuntza hori gertukoa ala arrotza irudituko zaizu, ordea. Eta niri, arrotz zait, ia-ia komikoaren mugaraino, ditxosozko esaldia. Behin arlo horretan sartzen hasita, askoz ere hitz makarragoak jarriko nizkioke leloari, osagarri. Santa, tráeme el Scalextric que Olentzero me negó edo horrelako zerbait…

Sortzailearen lanak sortzailearen lan, besterik iruditzen zait Donostiako Udalaren ekimena. Datorren ostiralean piztuko dituzte hirian Gabonetarako jarritako argiak. Kantu hori abestuko du Erentxunek ekitaldian. Argiak piztu? Kortozirkuito galanta bai, donostiar askorentzat!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.