Estu dabil Iparraldeko AEK. Helduen alfabetatze eta euskalduntze koordinakundeak babesa eskatu die erakunde publikoei. Langileen soldatekin konpentsatu behar izaten dituzte instituzioek euskara ikasteko ematen ez dituzten laguntzak.
Berria irakurri ahala etorri zait Teodoro Hernandorena gogora. Bera izan zen Bigarren Mundu Gerra amaitu eta berehalaxe Iparraldean bertsolaritza sustatzearen erantzule. Bera ibili zen, etxez etxe, baserriz baserri, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan bertsolari bila. Bera iritsi zen Mattinengana; bera, orduan 26 urte zituen Xalbadorrengana, Bankan bizi zen Felix Iriarte iruritarrari esker; berak bildu zituen, eta txapelketa batean parte har zezaten konbentzitu, hamasei bertsolari. Donibane Lohizunen eta Hazparnen jokatu zuten txapelketa hori, 1946. urteko irailean eta azaroan. Etxahun Irurikoa txapeldun.Baina lehen saio hark ez omen zuen arrakasta handirik izan. Donibane Lohizuneko Maitena trinketean jendea eskas, eta Hazparnen ere halatsu. Pablo Joxe Aristorenak hala dio bere Nafarroako bertsolaritza liburuan: «Zorrak poltsikotik ordaindubeharrak ez zuen Hernandorena apaldu ordea».
Ia mende baten buruan, igualtsu gabiltza. Eta, tamalez, poltsiko orok ez du Teodororenak hainbat hondo.
HITZ ETZANAK
Sakelatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu