andoni egana

Punttuan

2024ko azaroaren 10a
05:00
Entzun

Behobia-Donostia lasterkaldia gaur. Parte hartuko dutenen artean, Aiako Txikiaren ondorengoak, mordoxka bat, hark lasterketa irabazi zuela ehun urte betetzen direla eta, arbasoa omendu asmotan irtengo direnak. Atzo argitaratu zen erreportajean, biloba batek, Jaione Azpiroz Eizmendik, hala dio aitonarekiko dituen oroitzapenez ari dela: «Nik 7 urte nituenean hil zen. Gogoratzen dut kartetan jokatzen zuela gurekin, punttuan».

Atentzioa eman zidan, nik ere birramonarekiko dudan oroitzapenik argiena berdintsua baita. Biok aurrez aurre sukaldeko mahaian. Karta-jokoan. Punttuan. Zenbatzen ez ezik, ikasi nuen giza izaeraz dexente. Amak agintzen zidan uzteko amona Manttoniri irabazten, galtzen bazuen izugarri haserretzen zela eta…

Atzendua geneukan, baina punttua zen aitona-amonek eta bilobek bat egiten zuten puntuetariko bat. Eta bat egite horrek bazuen bere garrantzia hizkuntzaren eta usadioen transmisioan. Ez gara berdin bizi. Badakit lehen berez sortzen zen harreman klase hori orain behartu egin beharko genukeela. Badakit ikastetxe askotan eragiten direla biloben eta aitona-amonen arteko elkarrizketak edo aitona-amonak joaten direla ikastetxeetara euren eskarmentua azaltzera. Ikastetxeetako jai eta auzoetako festetarako burutazio bat: aitona-amonek eta bilobek soilik parte har dezaketen punttu lehiaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.