Puntako kirolariek gero eta gehiagotan onartzen dute presioaren zamak irentsi egin dituela. Gero eta gehiagok onartzen diote euren buruari atsedenaldi bat. Gero eta gehiagok aitortzen dute psikologo, coach edo dena delako profesionalaren laguntzak mesede egin diela. Barne leherketak ulertzekoak dira alde guztietatik estutua sentitzen zarenean. Angelo Giuseppe Roncallik horrelako egoeretan bere buruari esaten ziona aintzat hartzekoa da: «Motel, motel… Egon hadi lasai. Azken batean, hi ez haiz aita santua besterik!».
Goi mailako kirolariekin gertatzen dena ez da gertatzen, esaterako, goi mailako politikariekin. Egoerak gain hartu diela, kirioak dantzan dabilzkiela, iparra galtzen ari direla… eta kargua utziko dutela gutxiri entzungo diezu. Gaizkitxo etorriko litzaiguke ba, agintariren batzuek horrelako zerbait egitea!
Miresten ditudan kirolarietako bat da Iñaki Artola pilotaria. Datorren igandean binakako finala jokatu behar du, eta hala adierazi dio egunkari honi: «Agian, horregatik iritsi naiz finalera, ez dudalako sentitu hori lortzeko presioa». Segur aski horrexegatik sailkatu da, bai. Izan ere, arrakasta da norbere itzalaren oso antzekoa. Bere bila bazoaz, ez duzu inoiz harrapatuko, ihes egingo dizu beti; ihes abiatzen bazara, berriz, harrapatu eta itsatsi egingo zaizu. Eta gainera, zorionez, egunero sartzen da eguzkia…