andoni egana

Prentsa

2024ko martxoaren 1a
05:00
Entzun

Askotan ez gara konturatzen hitzak nondik datozen. Eta zerbaitengatik datoz datozen tokitik. Gaur goizean konturatu naiz prentsa delako hitz erabili hori nondik eta noiztik datorren. Gutenbergek 1453 aldera asmatu zuen makina hartatik. «Prentsa» kalkatzen duen makina bat da azken batean... Pentsa guk, auskalo noiz erabakita, maiztasun jakineko hedabide idatzizkoei «kalka» deitu izan bagenie, ze hitz-sorta sor zitekeen: kalkaurrekoak emango lituzke jendeak; kalkatze eskubidea aldarrikatuko genuke; kalkatze askatasuna genuke helburu...

Azken batean, kazetariaren lana ez dago kalkatzailearenarengandik urruti. Kalka egin behar du kazetariak, han eta hemen, egiaren ahalik eta printzarik gehien bildu, eta haiek jakinarazteko.

Manifestazioa egin dute aste honetan Gernika-Lumon Pablo Gonzalez kazetaria aska dezaten. Bi urte bete dira Polonian preso dagoenetik. Ukrainako gerra hasi berritan lanera joan zen eta han daukate, ziega batean, froga faltan, epaiketarik egin gabe, eta baldintza gogorretan. Agintariek, beraiek kalkatzen dute aski. Ez dute beste inork kalka dezan onartzen. Tamalez, manifestazioko pankartan kazetariaren kaskoan ageri den hitza da oso esanguratsua. Press eta preso elkarrengandik hurbilegi dauden hitzak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.